Erabilera baldintzak
Jokabide Kodea
balænak netiketarekin bat egiten du eta erabiltzaileei berauek errespetatzea eskatzen du. Laburbilduz:
- Baimena eskatu norbait talde batean sartu aurretik
- Zaindu bidaltzen dituzun artxibo erantsien neurria; ahalegindu Mb 1ekoa baino txikiagoa izaten
- Artxibo horiek formatu irekia badute, hobe
- Dokumentuak bidaltzerakoan, azaldu zer nolako dokumentu mota den
- Ez idatzi letra larriz: honela idaztea ez dago ondo ikusia Interneten, garrasika zabiltzala adierazten baitu
- Ez iraindu inor sarean. Eta, are gutxiago, ez ezkutatu izengoitien atzean beste inor iraintzeko
- Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Inork taldetik alde egin badu, ez aipatu edota gehitu berriro zerrendara/taldera berak espreski eskatzen ez badu
- Errespetatu beste erabiltzaileen pribatutasun nahia eta ez zabaldu hauen helbideak edo datuak baimenik eskatu gabe
- Pertsonalizatu mezua, berbidalketa hutsa izan ez dadin
- Ez sinetsi edota zabaldu hortik zehar dabiltzan gezurrak. Utzi horiek Whatsapp-ekin batera
- Ez bidali izenbururik gabeko edo gairik gabeko mezurik. Desatsegina izaten da beste partaideentzat horrelako mezuak jasotzea
- Eutsi taldearen egitasmo nagusiari, eutsi mezu-hariaren gaiari. Gaiarekin zerikusirik ez badu, baduzu beste talde bat sortzeko aukera. Baina gogoratu, baimena eskatu norbait talde horretan sartu aurretik
Irakurri jatorrizko testua Wikipedian .
Gainera, eskertzekoa da testu alternatibo bat gehitzea ikusmen arazoak ditugunok baztertuta ez uzteko:
- Mastodonen ttap argazki gainean > Set caption
- Pixelfeden Advanced Settings > Media Descriptions
Bestalde, etiketak [hashtag-ak] erabiltzerakoan CamelCase formatua erabili beharko litzateke pantaila irakurgailua darabiltzatenen esperientzia hobetzeko, etiketaren hitz bakoitzaren hasierako letra larriz idatziz. Adibidez: #SoftwareAskea [#softwareaskea] #TutBatBasoan [#tutbatbasoan]
Ez dira onartuko
- Eskuin muturreko mezuak, ezta eskuin muturrari lotutako instantzietako erabiltzaileak ere
- Bortxaren eta bortxaren monopolioa duten polizia eta militarren goraipamena
- Naziorik gabeko Estatuen zapaltzaileen zuriketa
- Arrazakeria
- Sexismoa
- Xenofobia
- Genero eta sexu-aukeraren diskriminazioa
- Hizkuntza eta kolektibo gutxituen diskriminazioa
- Jazarpena
- Norbera ez den haurren irudiak
- Irudi gordin, gore eta bortitzak
- Helburu komertziala duten profilak
- Pornografia zabaltzeko helburua duten profilak
- Kriptoaktiboak bultzatzeko helburua duten profilak
- Hemen zerrendatuta ez dauden baina legezkoak edota onargarriak ez diren bestelako mezu edota jokabide batzuk
Edukia onargarria izan arren, multimedia fitxategi batzuk hunkigarri gisa markatu beharko lirateke inor samindu ez dadin (zauriak, sexu-organoak, jarioak, animalia nardagarriak —katuak ez diren beste guztiak—, etab.).
Hizkuntza
Mezuen gehiengoa ( ⪞ %75) euskaraz izatea lehenetsiko da.
Kriptodirua eta kriptoaktiboak
Webgune honek ez du Web 3.0 deitzen ari direnarekin eta berari lotutako blockchain, kriptodiru eta NFTekin bat egiten. Horregatik, blænak ez du kripto[diru]zorrorik integratuko, kriptoaktiborik jaulkiko, edo NFTrik bultzatuko.
Cambridge unibertsitatearen arabera, zoramen honek Norvegiak adina elektrizitate darabil eta munduko energiaren %71a iturri berriztagarrietatik ez datorrela kontuan hartu beharra dago. Gainera, zenbat eta erregistro gehiago gehitu blockchainera, orduan eta denbora gehiago behar du eragiketak egiaztatzeko = elektrizitate gehiago.
Ingurumenean duen eraginaz gain, lehen mailako produktuen eskasia edota garestitzea eragiten ari da, ekintza hauetarako erabiltzen diren gailuen biziraupena 17 hilabetekoa baino ez delako; birziklatzeko zaila den hondakin kopuru andana sortzen du urtero: Herbehereak egiten duen zabor-elektronikoa beste.
Kriptodiruak espekulazioa sustatzen du eta gutxi batzuei baino ez die mesede egiten: dagoeneko larregi duten horiei.
Hau guztia dela-eta, hemen eskainitako zerbitzuetatik at mantenduko dira.
Gutxieneko adina
balænak eskaintzen dituen zerbitzuetan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte dira. Gutxiago izanez gero, guraso edo tutore baten baimena beharko da.
Moderazioa
Jarraibide hauek ez dira dokumentu legal bat eta bere interpretazioa instantzia honen administrariaren esku dago; erabiltzaileei edukien moderazio-gidalerroei buruzko ikuspegi bat emateko daude hemen, besterik ez.
Aproposa ez den edukiren bat jaso edo ikusiz gero, erabili plataforma bakoitzeko moderatzeko botoia edota jarri administraritzarekin harremanetan.
Baldintzen moldaketa
Baldintza hauek edozein momentutan alda daitezke zerbitzu hauen erabileraren arabera giro aproposena bermatzeko.
Babeskopiak
Berebiziko garrantzia badauka trukatzen ari zaren dokumentu edo testu horrek, ez ahaztu zuk zeuk kopia egiteaz. Une honetan ez dugu babeskopiarik egiteko nahikoa baliabiderik.
Zerbitzari honi buruz jakin beharrekoak
balænak gizarte-sare federatuak probatzeko aukera ematen du, debalde eta publizitaterik gabe, erabiltzaileen datuak ustiatu gabe.
Instantzia bat mantentzeak baliabideak eskatzen ditu (teknikoak, ekonomikoak, pertsonalak…) guk bermatu ezin ditugunak. Zerbitzari honek edozein momentutan utz dezake erabilgarri egoteari, inolako azalpenik eman gabe. Hala ere, saiatuko gara gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin abisu garrantzitsuak ematen erabiltzaileek euren profil eta edukia esportatzeko denbora izan dezaten.
Horrez gain, muga batzuk ezarriko dira hemen eskaintzen diren zerbitzuen gehiegizko erabilera oztopatzeko.
Ulertzen dugu hau erabiltzaileentzat gustukoa ez izatea: helburua, erabiltzaileek instantzia propioa izatera bultzatzea da eta horrela erantzukizuna partekatzea, horretan datza sistema federatua. Gainera, internet-zerbitzuetan partekatzen ditugun edukiek mundu fisikoan eta ingurumenean eragina dutela ulertarazteko baliagarria izan daitekeela uste dugu.
Tenperatura
Amaitzeko, giro-tenperatura altuegia balitz, zerbitzaria itzali egingo da giroa freskatu arte, gailuaren errendimendua, datuak biltegiratzeko euskarriak eta, orokorrean, osagarri guztien bizi-iraupena murriztu ez daitezen.